Edgar Faure (Béziers, 1908ko abuztuaren 18a - Paris, 1988ko martxoaren 30a) frantses politikaria eta idazlea izan zen.
Diputatu erradikal-sozialista izan zen 1946-1958 bitarteko urteetan eta IV. Errepublikako zenbait gobernutan ministro eta Kontseiluko lehendakari izan zen. Bigarren ministroaldian, Mohammed V.a Marokokoa erregetzan jarri, eta Tunisiari autonomia ematea erabaki zuen. Asanblea Nazionalean gehiengoa galdurik, hura desegin zuen (1955eko abendua), eta aginpidetik baztertua geratu zen Fronte errepublikanoak garaipena lortzean. Finantzetako ministro izendatu zuten (1958), eta ondoren senatari (1959-66); De Gaulle jeneralarekin bat egin zuen eta Txinako Herri Errepublikarekin harremanak berritzen saiatu zen (1963). 1968ko maiatzaren ondoren, Hezkuntza ministro izendatu zuten. Azkenik, 1973ko hauteskundeen ondoren, Asanblea Nazionaleko lehendakari izan zen. Polizia-eleberriak idazten zituen, E. Sanday goitizena erabiliz.